2019/06/29

10. Lekeitio - Deustu

Urte batzuk pasa dira eta gaur, lagun handi batek lagundu dit "Euskal Herriari bira" proiektuaren azken etapa osatzen. Ricardori esker, egunerokoak uzten dituen tarte txiki bat baliatu dugu eta ezin amaituta neukan proiektua borobildu dut; Lekeition hasi eta Deustura joateko. Etxera bidea osatu dugu.
Lekeitiotik Deusturako ibilbidea marraztu dugu gaur 

Ederra izan da Ricardorekin batera egin dudan ibilbidea, eguzkia ez dugu lagun izan baina tenperatura ederrak lagunduta egin dugu bidea; Lekeitiotik irten eta berehala aldapa politak igo ditugu, berotzen hasteko, Ispaster aldera.


Gaurko GPSa
Ea, Ibarrangelu edo Natxitu igarota, itsasora hurbildu gara berriz.


Lagatik Laidarako bidea osatu eta Kanala, Kortezubi eta bestelakoak igarota Gernikara heldu gara. 




Bertatik Mundaka bidera jo dugu eta Bermeo parean izan ditugu eguneko aldapa gogorrenetakoak. Horien guztiak gainditu eta apurka Bakiora hurbildu gara. Bakion tarte luzea hartu dugu tortila pintxoa eta kafetxoaz gozatzeko, Armintzarako bidea hartu aurretik.


Pintxo ederraz gozatu dugu Bakion
Armintzara helduz batera itsasoa gertu gertu izan dugu eta gorako bidea hartu dugu berriz Gorliz, Plentzia, Barrika, Sopela aldera.

Armintza
Berango igaro eta berehala egin dugu Algorta, Areeta, Erandio eta Deustu bitarteko bidea.
Kalearteak eta semaforoek eman digute ongi etorri apala gure herrira heltzean, Gora Deustu Herria!


GAURKOA DATUETAN: 105,6 km, 4:36 h, pilatutako 1809m

2016/07/31

Izaba-Laruns, Laruns-Artigues, Artigues-Vielha, Vielha-Andorra


Etxekoen laguntzari esker, aurtengo UDAn, txirrindulari ibilbide ikaragarri polita eta gomendagarria egin ahal izan dugu.
Euskal Herria inguratzeko proiektuan "Izaba" nafar herritik mendebaldera dauden pirinio inguruak ezagututa.

Oraingoan ekialdera jotzea erabaki genuen; Izabatik hasi eta Le Tour itzuli famatuak zeharkatzen dituen hainbat mendi-gain bisitatzeko plana osatu dugu. Bidebatez, Andorran izango den etapa bat ikusiko dugu eta inguru hartako beste COL batzuk ere igo.
Belagua
Uztailaren 5ean Izaban abiatu genuen bira, gurpil biren gainean eta txukun hasi baginen ere, Belagua eta Larra inguruetan (ea 1000 metroko garaiera pilatu ondoren) Arette baino arinago bertan behera utzi behar izan genuen etapa; blai eginda eta lainotzak itsututa.
Garbiketa lanetan LARUNS herriko aterpean 
Laruns herrian lehortu, bizikleta garbitu eta gorputza zein animoa indarberritu ondoren, bigarren etapari ekin genion uztailaren 6an. Lainoak eta freskurak Gourette-Oubisque hasieran bidelagun izan bagenituen ere, gora egin ahala egun ederra zabaldu zen.
Aubisque - Soulor - Tourmalet (94,19Km, 5h 19min,  3569m pilatuta)
Aubisque bidean 
Behorrak animoak ematen
Itzelak Aubisquetik gozatu genituen paisaiak, jarraian Soulor eta beherantza... Angelet-Gazost aurkitu arte. Bakarrik joanda, gogor samar egin zitzaigun Luz-Saint Sauveur arteko bidea eta Tourmaleteko maldetan astun sentitu nituen hankak (honezkero 80 km baino gehiago pilatuta baikeneuzkan).
Tourmaleteko azken KMak 
Tourmalet gaina
Metalezko "Gèant"ea gure gainean
Artigueseko aterpean ederto hartu gintuzten eta indarrak batu genituen uztailaren 7ko txangorako.
Artigueseko aterpe atsegina (aintzineko tren geltokia)
Campan, La Payola (hurrengo egunean jaso behar zuen Le Tourreko etapa amaierako prestaketa bizian), Hourquette d'Ancizan, Peyresourdes, Portilhon (102Km, 5h, 2475m pilatuta) eta Vielha izan ziren kateatu genituen toki esanguratsuenak. Eguraldi bikaina...

Vielhan arratsaldepasa ederra, arroz platerkada itzela eta atsedena.
Peyresourdes gaina
Portilhonen ere bero
Vielhatik gertu, eguneko unerik freskoena! 
Vielhatik irten eta Bonaigua mendatea izan genuen "gosaritzat", apurka apurka eta laino artean gainditu eta Sort herrira heldu arte, aurreko bi egunetan izandako eguzkia ez genuen izan bidelagun.
La Bonaigua - El Cantó (114,98Km, 5h 22min, 2803m pilatuta)

Bonaiguatik gora 

2072 metrora, laino umela
Hortik aurrera, etxekoekin loteria erosi eta sortea aldatu zen: beroa agertu eta apur bat luzetxo egin zitzaigun El Cantó mendate ezezaguna. Hemendik behera jo eta La Seu d' Urgell eta Andorra izan ziren gure azken jomuga.
El Cantó mendatean, bero-bero baina gora 
1720 metrora. Bi egun barru, Tourra bertatik igaroko da
"Campo Basea" Encamp herriko CORAY hotelean ezarri ostean (kokagune ona eta txirrindulari petoa den Jordi aholkulari bikainarekin), hurrengo egunean etapa amaiera izan behar zuen Arcalis (ea 1000m pilatuta 19 bat kilometrotan) mendatea egitea erabaki genuen, hainbat eta hainbat txirrinduzaleren artean (sekulako giroa, Andorrako talde batekin eta Castelloko sendi batekin; aita eta seme alabak).
Arcalis gaina ederra zegoen, sekulako txirrindulari giroa

Taldean gusturago igotzen da

Lakuetara bidean Arcaliseko ERAZTUNA begibistan
Gora helduta, mendiko botak jantzi eta familia osoarekin Tristainako mendi-lakuak bisitatu genituen txango eder eta atseginean.
Ze leku atsegina!

Mendi laku izugarriak
Andorra la Vella hiriburuan kapritxozko afari itzela eginda, hurrengo egunean Beixalis mendatea igotzea erabaki genuen Le Tourra heldu baino ordu batzuk arinago. Itzel gogorra da baina hoteleko jabe txirrindulariak gomendatuta; Els Cortals mendi-gaina ezagutzeko indarra ere izan genuen jarraian. (38 bat Km eta 1392m pilatuta)
Beixalis igotzen, Encamp bailaran 
Lasaitasuna arnasten
Dutxatu eta bazkaldu ondoren, tropela Beixalisetik animatzeko parada izan genuen eta arratsalde gauean turismo apur bat eta Circo de Soule ikuskizun berezia gozatzeko aukera.

Txango borobil-borobila!

2016/04/17

2016ko udaberria ORBAIZETA-IRATI

Aspaldiko, IRABIA (Orbaizeta)! 
Irati, txirrindularien paradisua...
Urtegia gainezka oraindik
Orbaizetatik irten, Irabia urtegia atzean utzi eta Burdinzokoa parajetik gora, Edurne eta Abodiko Tapla batzen dituen errepideraino egin dugu. Bertatik, Edurne inguru eder horietara jo eta 225 Egurgioko mugarriraino joan gara. Hortik, berriro urtegiko hormaraino eta Ibiaga gaina igaro ondoren berriz Orbaizetara. 
Itzela eguna! Lainotuz joan zaigu baina tenperatura txukuna izan dugu eta eguzki izpiek lagunduta gustura egin dugu bide osoa. Aspaldiko partez, bizikleta gainean!

2015/09/28

Abaurregaina, hamaika ikusteko

Igandean, Abaurregainako mutil batzuren laguntzaz, aukera izan genuen inguru hartako txoko batzuk ezagutzeko.


Euskal Herriko herririk garainak, baditu bai hamaika txoko ezagutzeko. Eskerrik asko!

2015/08/31

Orbaizeta IRATI

Hemendik aurrera, nahiko ondo ezagutzen dugun Orbaizeta IRATI inguruan egin daitezkeen txirrindularitza osteratxo batzuk txukun aurkezten eta gordetzen saiatuko gara etiketa-izenburu horren pean.
Azpegi-Olazar inguruko erreka bat
Saiak arratsalde amaieran Ipar Euskal Herrira begira Iropil inguruan

BTT zein errepideko bizikletarekin hainbat eta hainbat aukera eder eskura eskura ditugu Orbaizeta bertatik abiatuta; nahi, behar eta maila guztietarako aproposak.

2015/08/27

9. Hondarribia - Lekeitio

EUSKAL HERRIAri bira 2015-8-25

Euskal Herriari bira emateko proiektutxo honen azken etapek, kostalde bizi bizia eta itsas labar itzelak ikusteko aukera emango digute. Aspaldion gure lurraldea bete duten autobide eta autopistek paraje hauetara hurbiltzeko beta gutxi eman digutela iruditzen zait.

Hondarribia herri ederra goizetik utzita, Ama Guadalupekoa bidean ikuspegi ederraz gozatu dugu. Jaizkibel gaina egin ondoren Lezo eta Pasaia izan dira hurrengo jomuga, berriro ere autobide eta "bariante" delakoek herri bat zelan kaltetzen duten baieztatzeko aukera izan dugu, bizimodua modu artifizialean azeleratzeko errepidez inguratuta gaude eta Pasaia inguruak labirinto bihurtuta daude.

Gaurko ibilbidea

Ezkerraldean LARRUN mendia; Hondarribia eta Irun herriei begira
Hendaiako kostaldea ere ikusi dugu Jaizkibel zeharkatzen geundela

Gosaldu osteko igoera honek gogor zigortu du gorputz nagitua baina itzela da parajea.

Jaizkibel gaina

Igeldoko gaiera eta itsas argira begira tartetxo baten
 Donostia hiria tentuz zeharkatu ostean, Igeldo. Gorputza bizkorrago eta kostaldeko ikuspegi ikaragarriak nonahi: Igeldo, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Itziar, Deba, Mutriku, Ondarroa, Berriatua eta Mendexa zeharkatuz.

Getaria eta bere sagua. Itsas argi ederra hemen ere

Itziarren semeak, ITZIAR herriari begiratua eman behar; kar kar
Egunean egindako 4 ordu eta 39 minutu, 102 kilometro eta pilatutako 1610 metroko igoeretako lanaren ordainetan LEKEITIOko ikuspegia sari. Gaurkoak eginda.
Lekeitio, gaurko helmuga
Eguneko datu batzuk